XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Xalbadorren oroigarri. Ez adiorik!

Ez adiorik erantzun ohi zenidan beti.

Ez zenuen maite hitz hori.

Uztailaren zazpian, bat batean, subitoki, adiorik erran gabe utzi gaituzu lapurretan bezala.

Omenaldirako mahai inguruan bilduak zenituen bazkaltiarrak eskertzeko eperik ere ez duzu hartu.

Bertsulariak azkeneraino gorde izan ohi duen bertsu borobila, jantzia, bihotzean koropilatu zaizu, oraikoan, eta trenkatu du zure biziaren hari samurra.

Ez du ezpainik ukitu, ez doinurik hartu; argirik ikusi ez duen amaren sabeleko haurra bezala, betiko iraunen duen misterio izkutuan, zeurekin eraman duzu.

Ala berak eraman zaitu? Ez ditut jendiak eskertzen ahal, jaso zuen zure emazteak, eta poto egin zenuen biziko azken bertsuan: zuk ez zenuen esker ona jaso eta pozez bizi besterik egin behar.

Ezin bertzean

Gutitan betetzen nau nihaurek egindako lanak, entzun nizun behin.

Bildur handia zenion zeure burua paperretan agertzeari.

Lehenbiziko liburua minaren minez erdi zenuen, kasik bastarta bezala, ezin bertzean.

Zure inguruan zebilen aita Zavalak bilduma egin eta gero ere, luzamena zenion beti ematen, eza eta baiaren arteko epe muga gabea.

Ilun nabar batez, zure etxeko sukalde xokoan ez genion zure asmoari antza onik hartzen.

Isilka egindako zure bizi lagunaren kafe gozoak ez balitu bihotzak berotu, ez genuen amaitza hura jasoko.

Ez zen aski haurra mandura ekartzeko baimena lortzea; izena behar zitzaion eman, eta gogokorik ezin asmatu...

Ezin bertzean egina zen zure lehenbiziko liburua, ezin bertzean bertsolari egin zinen bezala.

Parabolako langilearen antzera, eguerdi aldera deitutako mutila zinen zu bertsularien alorrean.

Berandu iritxia, alegia.

Zeuk esanda dakit hamabost urtetan egin zenuela lehenbiziko bertsua.

Baina, besterik gabe, hura.

Gipuzkoatik joandako artzai bi aritzen omen ziren elkarrekin bertsutan; ez ongi, baina bertsutan.

Zuk entzun eta leihotik bota zenien zeure bertsua.

Ezkondu arte ez zinen berriz abiatu.

Ezkonduari biziak prolema asko sortzen dio, aitortu zenidan zeuk eta bertsutako astirik ez.

Eta orduan, zailena zen garaian egin zinen bertsulari, beharkota, barneko suak nolabait zirikatzen zinduelarik.

Odolaren mintzoa

Igerlerik baldin bada gure artean haren lana daiteke bigarren liburu honen izena.

Nungo sorginak zipriztindu zuen, bestela, odolaren gorriduraz? Nundik zetorkion hain susmo zehatza? Heriotzak baieztu du euskal literaturan aipatuko den Xalbadorren omenaldiko liburua, bihotzaren joku txarra delata egilearen odolez azpimarkatua.

Antziñako garaile ospetsuen zarata mitotsuak datozkik, nahi gabe, gogora.

Nolabaiteko ekintza izen-haundikoen argi dizdiratsuaz inguraturik utzi ohi zuten gizonen mundua, iraupen luzeko jainkotiarren zeruan sartzeko.

Heriotzak ez baino, hilarrira bultzatu zuen haize harrabots haundikoak sortzen zuen mitogintzan, gizonen idurimena hufatuko zuen hari muturra.

Hori delata, ikuspegi berria hartu du omenaldiko gertakizunarekin zure izenak; zeuk amestu ezin zenezakean argitasun ilezkorrez bete zinen, eta zerbait da Xalbadorren izarra Euskal Herriko zeru sapaian.

Bainan, mitoak mitilogian utzita, bazenuen zuk baduzu beste zabaltasun handiagoko argidurarik.

Jainkozale zinen eta sineste tinkoan oinarritua zen zure bizia.

Liburu Santuak zirela zure jakintza mailan iturburu nagusia entzun izan nizun neuk behin eta berriz.

Jainko txiki ez baino, Jainkoaren seme izatera bultzatzen zinduen zure sinesmenak, eta hori da gaur zure burute eta koroia nagusia.

Odolaren mintzoa ez bada ere, hau dugu fededunok izpirituaren mintzoa.

Bihar arte

Ez nintzen han zure ondar omenaldian.

Ezin dut kasik sinetsi Baigorri hegeleko mendiak eta oihan zokoak mutu geldituak direla, kaiolatik xoriak ihes eginik.

Ez nintzen han eta ez zintudan, urzoa hegal jota bezala, lurrera erortzen ikusi.

Zure irudia lehengoa bera izango da neretzat: matel hezurra mehe, larrua berdotz, begirada sakon eta beti triste airean.

Irri garestia zen zurea, bakan genuen poza zure begitartean ikusten.

Buruan boneta beltza, eta barne muinetan goi mailako bertsulariaren mundua, ikuspegi zorrotz eta hitz aberatsen iturria.

Ez, ezin dut sinetsi; nahiago dut ez sinestea.

Hor izango zaitut nunbait, mugaz beste aldean, nahiz ez den orain Izpegiko muga.

Ez adiorik, zuk nahi zenuen bezala.

Gero arte, elkar ikusiko dugulako itxaropean.

J.M. Satrústegi.